Usurbilen euskal tradizioa eta modernitatea oso presente daude. Gainera, herri honek sorkuntzan modu aktiboan parte-hartzen du. 60ko hamarkadan Euskal Herrian euskal kulturaren eztanda oso garrantzitsua egon zen. Usurbilen oso argi ikus daiteke eztanda kultural hau eta 60ko hamarkadan eztanda honek eduki zuen eragina. Harria Hitz Usurbileko herriak gaur egungo euskal kultura berreskuratzeko egin duen lana ezagutzera eman nahi duen ibilbidea da.
Dema plaza
Egungo herriaren bizkarrezurra da Dema Plaza. Plaza bera elkar aurkitzeko toki oso garrantzitsua izan da, eta da. Bere inguruan daude San Salbatore eliza, frontoia, eta herriko harrizko eta egurrezko eraikin historikoak. Gaur egun ere gune honetan bertan antolatzen dira herriko ekintza gehienak.
Dema Plazak proba tradizionalak egiteko plazak dira; esaterako, idi-probak (zeinetan idiek harriak ahal bezainbeste aldiz arrastatzen dituzten eta emakume zein gizonek idiak gidatu) edota giza-probak (kasu honetan, gizakiak darama harria arrastaka). Euskaldun sentimendua ondo adierazten dute proba hauek, bizkar gainean pisu handia eramatea, alegia: iraganeko pisua, herriarekiko konpromisoa, hizkuntza mantentzea, kultura babestu eta piztea…
Dema Plaza hau Gipuzkoako txapelketarako luzeena da, Zestoakoarekin batera; izan ere, ohikoena Dema Plazak 22 metro luze ingurukoak izatea den arren, honek 38 metro ditu luzeran. Lurra forma geometriko politetako uharriz dago osatua. Plazaren alde batean idi-probetan erabiltzen diren demarriak ikus daitezke. Oraindik ere antolatzen dira proba eta erakustaldiak Santixabeletan.
1966an plaza honetan bertan euskal kulturarekin eta euskal sentimenduarekin estuki lotutako ekimena antolatu zen: Juan Jose Alkain “Udarregi” bertsolariari eskainitako omenaldia. Orduan ezarri zen Udarregiren omenezko eskultura.
Udarregi
Juan Jose Alkain “Udarregi” bertsolariaren omenez egindako eskultura hau Remigio Mendiburu (Hondarribia 1931 – Bartzelona 1990) eskultoreak, euskal kultura garaikidearen eskolako ordezkari nagusienetakoa, egin zuen eta 1966ko maiatzean jarri zen, Udarregiren oroimenean Usurbilen egin zen festa batean.
Udarregi 1829an Aiako Uztaetaburu baserrian jaiotako bertsolaria zen, gazte zela Usurbilgo Udarregi baserrira familiarekin etorri zena. Nekazaria ogibidez, herriz herri eta plazaz plaza asko ibili zen bertsolaria izan zen. Bertsoak sortzen zekien arren, alfabetatu gabeko euskalduna zen eta berak bakarrik ulertzen zuen teknika bat asmatu zuen sortzen zituen bertsoak gogoratzeko: marren bidezko kode bat. Eskulturan bere iskribuetako bat ikus daiteke.
Oin altuaren gainean modu informalean egituratutako prismazko bloke txiki batek eta oinarrian duen oskol modukoak osatzen dute artelana. Arte adituek egituraren eta kanpoko geruzen iragazkortasunaren arteko harremanean denboraren iragatearen historia pilatzen doala diote.
Eskultura honetan hainbat elementu batzen direla ikus daiteke: tradizioa eta iragana, modernitatea eta etorkizuna, euskara, artea eta euskal kultura biziberritzeko grina.
Remigiok pentsatutako obra hau Xanti Zumetak gauzatu zuen Luzuriagan harria eta brontzea erabiliz.
Zumeta
Usurbilgo frontoiaren atzealdean dago Jose Luis Zumeta (Usurbil 1939) artista usurbildarrak egindako horma-irudi handi hau. Usurbilgo udalak eskatuta egin zuen lan hau eta 1973. urteaz geroztik dago bertan.
Zeramikaz egindako mural abstraktu bat da, 16 metroko zabalera eta 9 metroko altuera duena. Jose Luisek bere bizitzan zehar zeramikazko hainbat lan egin zituen arren, hau da mantentzen den bakarra.
Harrigarria da jakitea Zumetak zeramikaren inguruko inolako ezaguerarik gabe egin zuela horma-irudi handi hau, 34 urte zituela. Lana burutu ahal izateko, paretaren tamaina kontutan hartuta, eskalan egindako kuadranteetan banatzen zen plantila baten gainean lan egin behar izan zuen. Zeramikazko piezak kuadranteetan osatu ondoren pilotalekuaren paretean jarri zituen. Ustekabe bat zela eta, murala bukatzen ari zela artelana bukatu gabe egon zen urtetan. Falta ziren piezak ez zituen Zumetak berak bukatu, beste zeramista batek baizik.
Jose Luis Zumeta ezaguna da ere Jorge Oteiza, Eduardo Chillida, Remigio Mendiburu, Nestor Basterretxea, Rafael Ruiz Balerdi, Amable Arias eta Jose Antonio Sistiagarekin batera Gaur taldea sortu izanagatik. Talde honen helburu nagusia Gerra Zibilak modu bortitzean eten zuen euskal sormen artistikoa berreskuratzea zen. Hortaz gain, beste herrialde batzuetako abangoardiazko artistekin erlazioa berreskuratu nahi zuten. Urte gutxi iraun bazuen ere, XX. Mendeko Gipuzkoako eta Euskal Herriko sormen artistikoaren erreferendea da.
Mikel Laboa plaza
Mikel Laboa plaza Jose Luis Zumetak diseinatu zuen eta 1975. urtearen inguruan eraiki zen. Jose Luisek berak diseinatutako txirrista batek egiten zuen berezi plaza eta garai batean “Txirristaren plaza” izenez ezagutzen zen. Euskal gizartearen alfabetizazio artistikoak bultzatuta, umeen heziketa artistikoa bila zezakeen elementu honekin.
Plazak 2009. urtetik du Mikel Laboa izena. Plazan bertan bere omenez jarritako bi obra daude: Jose Luis Elexpe “Pelex” margolari eta eskultore usurbildarrak egindako gitarra formako burdinezko plaka (Usurbilek Mikel Laboari eskainitako omenaldian kokatu zena) eta Juan Jose Arangurenek egindako “Ikimilikiliklik” eskultura. Bigarren hau udalak 2009an egindako lehiaketa baten ondorioz jarri zen 2010. Urtean. Hauetaz gain, Jose Luis Zumetaren horma-irudi handia ere bertan topatu dezakegu.
Zumetaren muralaren eta Mikel Laboaren omenezko plazaren arteko elkarrizketak euskal artearen eta euskal kantagintzaren arteko erlaziora garamatza.
Tapia
Alejandro Tapia margolari usurbildarrarena da Herri Batasuna horma-irudia.
Alejandro Ur taldearen sortzaileetako bat izan zen, Javier Arocena, Carlos Bizcarrondo, José Gracenea eta Alejandro berak, guztiak margolari gipuzkoarrak, osatzen zutena. Espainiar Gerra Zibilaren ondoren, margolari talde honek euskal artisten sormena bultzatu nahi zuen.
Horma-irudietan artistek batzuetan herritarrek pentsatzen dutena eta gizartean egin nahi dituzten aldaketak margotzen dituzte. Horma-irudi hau zehazki Herri Batasunak 1985ean egin zuen “Euskal Herria alaitsu eta borrokan kementsu” kanpainarekin lotuta dago. Kanpainak eta horma-irudiak euskal gizarteak orduan bizitzen zuen gizarteko egoera eta egoera politikoa erakusten dute.
Gaur egun desitxuratuta dago lana, 2009an Eusko Jaurlaritzako agindupean artelana partzialki ezabatu zutelako, egun agertzen zaigun moduan utziz. Horma-irudia ez zuten artelan bezala ikusten, oztopo moral eta politiko gisa baizik. Lana erabat desitxuratua geratu zen.
Artze anaiak
Askatasuna plaza Carlos Zabala “Arrastalu” eskultoreak egindako eskulturez apaindua dago. Eskultura hauen helburua Usurbilgo ohiturak eta bertako eguneroko bizitza erakustea da. 1990ko hamarkadaren hasieran jarri zituen irudiak Carlosek, behin plaza amaitutakoan, zementuaren gogortasuna goxatzeko.
Zeramikazko irudiak ugariak, kolore biziz margotuak eta askotarikoak dira. Bertan topatu ditzakegu: landareak, animaliak, haurrak jolasean, dantzan, Olentzero, kirolariak… Artista beraren hitzetan, “monigote ezberdinek apaintzen dute plaza”.
Herriko ohiturak erakusteko, eskultoreak herriko hainbat pertsona irudikatzen ditu; esate baterako, Artze anaien eskultura ikus daiteke bolatokian. Jesus eta Joxan Artzek txalaparta jotzeko ohitura berreskuratu zuten, milaka urtetako historia izan arren ia ahaztua zegoena. Ohitura berreskuratzeaz gain modernizatu ere egin zuten; hau da, euskal kultura tradizionaleko perkusiozko instrumentu hau (bi euskarriren gainean horizontalean kokatutako 2 oholez osatuta dago eta 4 makilez jotzen da) gaur egunera ekarri eta eraldatu egin zuten.
Artze anaiei esker, txalapartak gaur egungo euskal musikan oso bizirik jarraitzen du.
Sagardoaren monumentua
Lasarte-Oriako Gotzon Huegun eskultorearen lana da hau, sagardoari dedikatua. 2007an Eguzkitzaldeko plazatxoan iturri bat egiteko lehiaketa deitu zuen udalak eta Gotzon izan zen irabazlea. Kareharriz egindako eskultura honek hiru elementu nagusi ditu: sagarra, botila eta edalontzia.
Sagardoa oso garrantzitsua izan da Usurbilen, eskualdean eta baita Gipuzkoa osoan ere. Gainera, euskal kulturarentzat eta gizartearentzat orokorrean balio handiko edaria da; hala nola, azpimarratzekoa da sagardoak nolako lotura duen euskaldunen eta itsasoaren arteko harremanean.
Euskal marinelek hartzen zuten edari nagusia zen sagardoa, eskorbutoa sahiesten lagungarri. Usurbil Oria ibaiaren ertzean kokatuta dagoenez, eta ibai hau euskal historiako itsasontzien eraikuntzan oso garrantzitsua izan zenez, ez da zaila herriaren eta sagardoaren arteko lotura egitea.
Gaur egun ere garrantzia handia du sagarrak usurbilen eta sagardoaren zaporeak euskal kultura bustitzen jarraitzen du.
Loreen abstrakzioa
Kale Nagusia eta Askatasun Plazaren arteko pasabidea guztiz eraldatu da Irantzu Lekueren lan honi esker. Guztira, horma-irudiak hogei metro karratutako azala betetzen du Jose Luis Zumetaren txorien inguruko eskultura- instalazioa izan zen lan abstraktu honen oina. Zumetaren txorientzat elikai diren zomorroak zein loreen barrukaldea era abstraktuan isladatzen baitira lan honetan. Era berean, loreen barrukaldeak pasabidearen barrukaldea islatu eta berrinterpretatu egiten du.
Loreen kolorearen bidez, gune iluna gune argitsu eta alaia bihurtzen da. Beraz, izatetik, artearen bidez, zalantza sortzen zuen espazioa toki duin eta ederra bihurtzen du Lekuek.
Harria Hitz murala
Udarregi bertsolariaren omenez Remigio Mendiburu egindako eskulturaren aurrean aurkitzen dugu Judas Arrietaren murala. Hondarribiko artista bi, Usurbilgo euskal frontoi alboko txoko eder honetan.
Usurbilgo haurrekin egindako tailer batean jaio zen mural hau egiteko ideia, horma-irudi, pintada eta grafitiaren arteko desberdintasunak landu bitartean. Horrela,
Usurbilgo muraletan agertzen diren elementuak jaso arte-lan bakarrean aurkeztea izan da artistaren helburu nagusia. Elementu hauen artean ditugu Laboaren kitarra, kupela, ardiak edo arte mugimenduaren omenez “Gaur” hitza, besteak beste. Teknika ugari erabili ditu artistak lana egiteko: rotulkiak, espraiak eta margo akrilikoak.
Harria Hitz muralaren bitartez omenaldia eskeintzen zaie aurretik egindako mural guztiei 60. hamarkadan gertatuako kultur eztanda bete-betean eguneratuz. Ondarea / Artea, bikoiztasuna agerian uzten du lan honek, jolasa bailitz.